Ba zen garaia! Inoiz ez zen pasatzen Korrika Karrantza Haranatik, baina aurten Enkarterriko herriak emango dio irteera gure hizkuntzagatik martxara. Gaur, enkarterritar guztiok pozik gaude, benetan. Ez da gutxi maparen leku bat aurkitzea eta gainera euskararen alde.
Beti ibili ginen bazterretan, ahaztuak, mespretxatuak, galduak... Egun lortu dugu urrats txiki bat gure euskal jarrera hedatzeko Euskal Herria osoan zehar, Korrikari esker. Neu ez naiz izango Kontxako plazan lehenengo kilometro ibiltzeko, baina nire bihotza han izango da, korrikalari guztien artean, haiekin oihukatzen "Korrika, korrika...".
Badakigu ahalegin hau mantentzea sailagoa izango dela, esan nahi dut urte osoan euskararen alde egotea. Aspaldi galdu zen gure hizkuntza Enkarterrin. Segur aski guk izan ginen errudunak, baina gaur ez du merezi eztabaida horretan sartzea. Orain gakoa da euskarari bultzada bat eman etxean, kalean, eskolan, leku guztietan. Egun batekin ez da nahikoa, jakina. Bihar ere, euskararen alde. Korrika pasa ostean lekuko eramaten, konplexurik gabe, harrotasunez. Esker mila Korrika, esker mila korrikalari guztiei.
No hay comentarios:
Publicar un comentario