2006/10/11

Kazetari bat hil dute

Ana Politkovskayaren hilketari buruz beste testu bat jaso dut. Kasu honetan Urtzi Urrutikoetxeak idatzitakoa "Gara" egunkarian, Euskal PENeko Zuzendaritza Batzordearen izenean. Politkovskayaren liburuak irakurtzea merezi du eta.




"Kazetari bat hil dute.

Larunbatean heldu zen albistea, labur, “Kazetari bat hil dute Moskun”. Beste bat pentsatu nuen, Vladimir Putinen zerrenda luzean bat gehiago. Beste bat zen, baina ez zen edonor. Anna Politkovskaya zen ziur aski iragarritako hilketarako txartel gehien zituen kazetaria Errusian, baina horrexegatik ez genuen sinetsi gura gai izango zirenik.

Bere ausardiak, kazetaritza-lanek eta salaketek Mendebaldean lortutako oihartzunak nolabaiteko bizi-aseguru zituela sinetsi gura genuen. Sinetsi beharra geneukan, idaztea eta kazetaritza lan duinak ez eze beharrezkoak direla erakutsi digun emakume honengan. Inor gutxik egin ez duen lan arriskutsuan ibili zen Anna Politkovskaya, Txetxeniako basakeriei buruzko zertzelada bakanak berari esker heldu dira Mendebaldera hein handi batean, Errusiako ustelkeriaren eta Kaukasoarekiko politika arrazista genozidaren berri eman digu, Putinen atzeko patioan sartzea debekatuta dagoen sasoiotan.

Bagenekien arriskutsua zela, hegazkinean pozoitzen saiatu dena atzera ere saiatuko dela, eta agian beldur ginen Groznin edo Ingushetiako bazterren baten betiko desagerraraziko ote zuten. Moskun gertatu zen, egun argiz. Lapurretatik eta hilketatik bizi direnek beharrezko duten iluntasuna erdietsi dute, lapurretan eta genozidioan lasai jarraitzeko.

Guri salatzea baino ez zaigu gelditzen, amorrua adieraztea aldez edo moldez Anna Politkovskayaren ahotsa isilarazteak mesede egiten dien kriminal guztiei. Hori, eta “Izua Txetxenian”, “Gerra zikin bat”, “Txetxenia: Errusiar desohorea” eta “Putinen Errusia” bezalako liburuak berrirakurri eta zabaltzeko konpromisoa."

No hay comentarios:

Publicar un comentario