2010/06/23

Existitzen den herri bat

Marc Legasse idazleak Pasacalle por un país que ni existe idatzi zuen bere garaian –euskarara itzulita “Existitzen ez den herri baten omenezko kalejira” emango genuke–. Izenburu horrek, bada, beste zeinahik baino hobeto azaltzen du Euskal Herriaren egoerak sortzen duen ezina, nazioartean herri burujabe gisa ikusezina baita. Euskaldun herriak, hurbileko heroi txikiak bailiran, lehengo zaharren eta ahaideen pasadizoak kontatzea maite du etxeko berotasunean, bai eta bere burua hainbat eta hainbat asmakizunen sortzailetzat jotzea ere. Besteak beste, trikitixaren, zubi esekiaren eta txakolinaren sortzailetzat. Ez dut nik esango, ez, garai bateko zein oraingo balentriekin amets egitea akats gaitzesgarria dela. Bizitzan, lana egiteko uneak ez ezik, ongi pasako beta ere bai baitago. Besterik da, ordea, gure mitoak ere sinetsi eta, azkenean, benetako estatu independente bat osatzen dugula pentsatzea, kontuan hartuta kasurik onenean eskualde deszentralizatua baino ez garela. Kasurik okerrenean, berriz, politikoa baino folklorikoa gehiago den pays kategoriaz gozatzeko aukera ere arriskuan dago.

Estaturik gabeko herri baten nazioa taxutzea lan izugarria da (Euskal Herriarena, kasu), eta horretan, funtsezkoa da gure profilaren erretratu gutxi-asko zehatza lortzea. Hori dela eta, ezinbestekoa da herri literario, zinematografiko, musikal edota artistiko bat existitzea, gure errealitate kultural berezitua kanpora proiektatzeko eta orobat, barruan, batez ere belaunaldi gazteengan, izatearen kontzientzia sortzeko. Zalantzarik gabeko ziurtasunaz ari gara; hots, etorkizuneko mapa planetarioa islatuko duen puzzleko pieza bat, txikia baina ordezkaezina, izatea lortu behar dugulako ziurtapenaz.

Baina erretratu horrek alderdi kulturala baino haratago joan behar du. Zenbakizko alderdira ere hedatu behar du, eta are gehiago krisi-garai hauetan. Gure nazio-errealitatearen kontabilitatea ezin da biharko utzi. Behar-beharrezkoa da, nahiz eta zenbait hutsune eta zehaztasun falta izan, gure populazio-piramidea eratzen hastea, gure BPG zein den zehazten hastea, eta langabeziari, inflazioari edota merkataritza-defizitari buruzko gure datuak erabiltzen hastea. Erakundeek, eragile politiko eta sozialek, herritarren elkarteek eta, oro har, herritarrek eskubidea dute gure herriak alor horietan guztietan zer dimentsio duen jakiteko, Danimarkan eta Zeelanda Berrian naturaltasun osoz gertatzen den bezalaxe. Gure errealitatea orain arte bezala aztertzen jarraitzea arduragabekeria kolektibo larria da; hau da, erabakiak hartzerako orduan jakin beharrekoak diren adierazleak mahai gainean jarri gabe jardutea.

Kontabilitate-lan horretan asko dago egiteko, izugarri. Nazio-hedadura duten datu horiek lortu, aztertu, erantsi eta hedatzeko zailtasunak, gaur egun, asko dira. Ez gara, ordea, hutsetik abiatzen. Gaindegia ekonomia- eta gizarte-behatokiak bosgarren urteurrena du orain, eta 2009ari dagokion bere hirugarren urteko txostena argitaratu berri du. Txostenean, hainbat aldagairen nazio-adierazleak ezagutarazten dira, ahalik eta eguneratuenen, Euskal Herriari buruzko azterketa eta ezagutza eramangarriagoak izan daitezen. Adierazleez gain, adituen ikuspegiak ere eskaintzen dira, euskal errealitate sozioekonomikoaren erradiografia zehatzagoa egin nahian.

Gaindegia erakunde apala duzue, eta aurrekontu gutxikoa. Krisi ekonomikoa ere jasaten ari da, eta horretara egokitzeko, premiazko zereginetan jartzen ditu bere indarrak. Baina, hala ere, anbizio handiko proiektua da: hau da, datozen garaietan, desafioz eta aukeraz beteak inondik ere, nazioa eraikitzen tematzen direnek egin beharko dituzten lanetarako elikagai zehatza eskainiko duen gizarte- eta ekonomia-behatokia. Bost urteko ibilbide publikoa izan dugu, baina bat edo beste gehiago ere izango lirateke prestatze-lanak kontuan hartuko bagenitu. Bada, urte horietan guztietan, oztopo asko gainditu ditugu, eta beren buruak euskalduntzat dituzten erakunde eta eragile askok gutxietsi izan gaituzte. Hala ere, ez da ezer aurpegiratzen hasteko garaia. Beharbada ez dugu behar besteko energiaz azaltzen jakin izan Gaindegia proiektu plurala, irekia, dela eta, bertan, Euskal Herria nazio bat dela ulertzen duten eragile ekonomiko, sozial, profesional, enpresa-eragile eta sindikatu-eragileek, bai eta banakoek ere, parte hartzea nahi dugula. Gaindegiari laguntzeko premisa bakarra da. Inork gure intentzioen gainean errezelorik balu, urteko txostena gainbegiratu eta bertan sinatutakoen aniztasun ideologikoa baloratu baino ez du. Zalantzak argituko ez balira, guregana jo dezala. Argi geratuko zaio, orduan, behatokia sendotzea ezinbestekoa dela eta argi izango du, baita ere, zein diren behatokiaren benetako asmoak.

Edonola ere, guk material berriak ateratzen jarraituko dugu, gure benetako nazio-dimentsioa zein den argitzeko. Ez dugu gure asmoa bertan behera utziko, nahiz eta zailtasunak asko izan edota beren buruan baino sinesten ez dutenen axolagabetasuna pairatu. Are gehiago, ziur gaude Legasse bikainak, gure artean balego, bere kalejiraren izenburua aldatu eta ez kendu behar izango lukeela, gustura kendu ere; herri hau existitu egiten baita, eta Gaindegian hori kontatzeko baikaude.

[www.gaindegia.org, 2010-6-20; "Berria", 2010-6-25; "Le Journal du Pays Basque", 2010-6-25]

No hay comentarios:

Publicar un comentario