2009/04/27

Espainia portugaldartu

Apeta halabeharrezkoak hartaratuta, Bergaminen aforismo batekin behaztopa egin dut, Espainia portugaldartzeari buruz diharduenarekin, hain zuzen ere, Krabelinen Iraultzaren, Zeca Afonsoren Grândola-ren, Oteloren eta koronelen, eta herri alai eta bateratu haren 35. urteurrenaren bezperan. Iraultza hark ia mundu erdiaren oniritzia bereganatu zuen, baita Euskal Herriarena ere, eta Madrildik Lisboara aldarazi zigun begirada zenbaitzuoi, Espainiaren menderakuntza deabruzkoari izkina egiteko gai izan den Penintsulako nazio bakarretik irakaspenen bat ikasteko asmoz.

Estaturik gabeko nazioek ispiluak sortu ohi dituzte non begiratu izateko. Gure arbaso prestuetako batzuek amultsuki begiratu zieten Bolivarren Venezuelari eta Martiren Kubari, eta, hurrengo, De Varelaren Irlandari, Brumedianen Aljeriari, Fidelen Kubari. Azkenaldian, berriz, Europako ekialdeari begiratu diogu, herrialde baltikoei, Kosovori, eta Eskoziari eta Flandriari. Harrigarria bada ere, gutxik jarri dute mahai gainean Portugalgo adibidea. Hainbat bataila eta liskarretan zaildutako nazioa da, ekialdeko auzo betierekoak behin eta birritan konkistaturikoa, eta XXI. mendean independentzia erabatekoz agertzeko gai izan dena, ekonomia beregain eta kultura inbidiagarri eta guzti.

Camoensen eta Pessoaren aberria, Amaliarena eta Madredeusena, duintasunez dabil nazioarteko jokalekuan, antzinako konplexurik gabe, hizkuntza bizi eta etengabe goraka doana duela lagun, munduari erakutsiz ez dela zertan handi izan ez dozenaka milioi biztanle eduki, nortasun berezi eta ezaugarri bat gordetzeko. Errepublika demokratiko bat du, argi eta itzalekin, nonahikoa bezalakoa, baina etengabe aurrera doana, inolako interferentzia zarzuelazalerik gabe.

Honela zioen Bergaminek bere aforismoan: «Beharbada portugaldartu egin beharko lukete Espainia, batasun benetakoa ematearren. Batasuna, eta ez bakantasuna. Nazioko herri guztien batasuna, haren erraietatik beretik sorturikoena. Bere buruaren penintsula kontzientzia». Horretatik ondorioztatu dut idazle madrildar hark, gure herrialdean erbesteratua izaki, nazio iberiarren konfederazio moduko bat aipatu nahi izan zuela, eta, hartan, «berari zegokiona» eman beharko litzaiokeela «Portugali: Galizia, Salamanca, Extremadura eta Andaluziaren zati bat». Bergaminek eraikitako «erbi» ideia hartaz harago, baina, gaur egun oraindik ere konpontzeke dago sarritan «Espainiako arazoa» ere: alegia, lurraldeak bakantzearen desegokitasuna, printze-printzesen arteko ezkontzak, aita santuen arteko konpon-egiteak eta han-hemengo gerrak oinarri hartuta, eta ez, inondik inora ere, Europa mendebaldeko mutur horretako herri eta nazio guztiek duten subiranotasun borondatea kontuan izanda.

Urrutirago jo beharrik gabe, joan den astelehenean, Espainiako telebista programa batean, ikus-entzuleak politikari katalan bati galdezka aritu zitzaizkion, eta Lleidako auzokide batek barkamena eskatu zuen bien hizkuntzan mintzatu zitzaiolako, hau da, bere ama hizkuntzan aritzeagatik, eta gaztelaniaz hitz egiten hasi zitzaion. Bitxikeria txiki horrek ezin hobeto adierazten du babesgabetasun betierekoan daudela Madrilgo metropoliaren ingurumarietako herriak. Gobernuko presidenteak lau hizkuntza ofizialetatik hiru ez jakitetik datorkie halako babesgabetasuna, eta horrek nahiko arrazoi izan beharko luke kargu horretan jarduteko bateraezintasuna egozteko hari. Hala, babesgabetasuna salatu dute egun hauetan, Kultura Ministerioak bere webgunean jarri duen aldaera euskaldun(?) lotsagarriaren harira, zeina orain donostiar batek gobernatzen baitu.

Madrilgoak ez dira gauza norbere hizkuntza, hain ezaugarri berezkoa, errespetatzeko, eta, beraz, nekez errespeta litzakete bestelako eskubideak. Aldeen aitorpen erabatekorik egin ezean, alegia, Espainia ez dela nazio bat, baizik eta Puerta del Soleko aginpideari men egiten dion herri andana bat dela onartu ezean, ez dizkiete ateak zabalduko luzerako konponbideei. Zoritxarrez, Machadoren eta Bergaminen miresle garenok, eta Velazquezekin eta Goyarekin gozatzen garenok, independentziaren bidetik jo besterik ez dugu aukeran. Hain zuzen ere, portugaldarrek 1385ean Aljubarrotako Guduan ekindako bide beretik, sigi-saga berberetatik zehar, gaur ospakizun duten errepublika egunera iristeraino.

Portugaldarrak, beren kabuz, inork lagundu barik, Espainiako zapalkuntzaz libratu ziren lehenik, monarkiatik bigarrenik, eta, hirugarrenik, Oliveira Salazarren diktaduratik, joan den mendean izandakoetatik gorrotagarrienetik. Batzuek esango dute Portugal sozialistaren ametsa, egun bozkariozko eta itxaropentsu haietan zenbaitek partekatu genuen hura, hutsegiteak eta liskarrak zirela bitarteko aienatu zela, eta halaxe izan zen. Baina etorkizunean edozer gerta lekioke historiaren joanean bere nortasunari inolako mozorrorik eta edergarririk gabe eutsi ahal izan dion herri bati. Eta inork ez dezala zalantzan jar, aurrerantzean ere herri bat izango dela agintari, kanta portuges batek dioenez: é quem mais ordena.

["Berria", 2009-04-25]

No hay comentarios:

Publicar un comentario