2009/01/07

Ezkerra eta boterea

Azken egunotan perretxikoak bezain ugari ateratzen ari dira bestelako plataforma eta ekimen batzuk, ezkerraren izenean sorturikoak, eta Euskal Herrian dagoen statu quo politikoaren ordezko hautabideak eskaintzeko prest daudenak. Horiei guztiei ongietorria egin behar diegu, ezinbestean, nolabaiteko ahalegin bat egingo dutelakoan gizartea aldarazi nahi duten gizarte sektore horretako zatiketa gainditzearren, gaur egun jasaten ari garen kapitalismo narrasaren gehiegikeriak moztuko dituztelakoan, eta etorkizunean bestelako ekonomia eta gizarte eredu bat eratuko dutelakoan: alegia elkartasuna, justizia eta balio etikoak oinarri izango dituena, eta ez arpilaketa, zikoizkeria, diru xahutzea, kontsumismoa eta dirua gutxi batzuen esku aise pilatzea helburu dituena.

Dena dela, kontu bat da jendaurreko diskurtsoa, zeinak gaur egungo ereduaren ordezko ahalbidea izatea baitu helburu nagusi; oso besterik da, ordea, helburu hori lortzeko oinarri premiazkoak ezartzea. Botere nahia ezaugarri oso ohikoa da ezker jakin batean, zeina erakundeetara hurbiltzen baita bidegurutze batean dagoen bakoitzean, alegia kaletik, lantegietatik eta azken batean benetako gizartetik erakundeei aurpegi eman beharrean.

Alternatiba Eraikitzen eta Ezkerra Bizi-Bizi proposamenak, beraz, errespetagarriak dira, eta egitez erakutsi beharko dute Euskal Herrian ezkerraren gune benetako bat eratzeko duten asmoa. Ez da nahikoa plazara irten eta agiri teoriko bikain edo kaskar baten berri ematearekin bakarrik. Ez da nahikoa hainbat ideologia pertsona jakin batzuen inguruan biltzearekin ere. Ezkerraren zereginak, jakina, erakundeetako esku-hartzean oinarritutakoa behar du izan, baina batik bat dinamika oinarrizkoak abiarazi beharko ditu auzoetan, lantokietan, eta sindikatuen eta gizarte elkarte eta mugimenduen barruan. Azken batean, pentsamendu sozialistaren ordezko balioen alde jokatu beharko du, terminoaren adierarik oinarrizkoenean eta muturrekoenean, alegia inolako interesek kutsaturik gabekoan.

Ezkerreko hainbat alderdi EAJren edo PSOEren makulu bihurtu dira azkenerako; hala gertatu da Eusko Jaurlaritzan, Arabako Diputazioan edo Donostiako Udalean, eta horrek gogoeta eginarazi behar digu bestelako proposamenak egiteko duten ahalmenaz. Kontua ez da izen ona kentzea eskuinarekin gobernu itun bat egin duen orori -eta kasu horretan, EAJ bezain eskuinekoa da PSOE-, baizik eta garia eta izaka bereiztea, aurrerantzean oinarri sendoetatik abiatzeko, etsipena eta porrota baino ez dakarten marketin operazioak imitatu beharrean. Adierazi nahi dudan horren adibide garbia da, esaterako, Javier Madrazok laguntza eskaini izana Miren Azkarateri, zeina baita azken hilabeteetan gertaturiko hainbat zentzugabekeriaren erantzulea. Bertan behera utzi behar dira, ezinbestean, erakunde boterearen barruan hainbeste urtean baliatutako konpaikerien eraginak, nola Gasteizen hala Iruñean.

Alternatiba Eraikitzen eratu izanak, bada -boterearen aurkako diskurtso kritikoa baitarabil eta Euskal Herria baitu jarduera esparru gisa-, aldaketa argi eta garbia dakarkie Ezker Batuaren eta haren ingurukoen ur uherrei. Ontzat jo behar dugu lehenbiziko urrats hori, baina ikusi egin beharko da zer-nola moldatzen diren luze gabe. Zer jarrera hartzen duten, besteak beste, gai korapilatsu hauek lantzerakoan: independentzia nazionala izateko eskubidea, lurralde auzia, borroka armatuaren iraupena, 761 euskal preso politikoak edo darabilten aliantza politika.

Askok eta askok diogu amaitzen ari dela politika ziklo bat, 30 urtean iraun duena: besteak beste, Konstituzioa, Estatutua eta Hobekuntza oinarritzat izan dituena, errepresio maila handiz maneatuta egon dena, ustelkeria dosi galantez hornituta, eta alderdi nagusien agintekeria gailen izan duena -EAJ, PSOE, UPN edo UMP izenekoak zirela ere-. Ziklo agortua eta kitatua izaki, behingoz amaitu beharrekoa da, beste bati bide emateko, garatzeko eskubide eta ahalbide berberak izan ditzaten aukera politiko guztiek, eta autodeterminazio eskubideaz baliatzeko aukera izan dadin, estatu batzuek eta besteek inolako eragozpenik jarri gabe. Beste ziklo horrek gaur egungo norgehiagoka bortitza gainditu beharko du, eta benetako jokaleku baketsu bat ekarri, garailerik eta garaiturik gabekoa. Beste ziklo horrek, azken batean, Euskal Herri bidezkoago eta askeago bat eratzeko ahalbidea ekarri beharko du.

Ahalegin horretan, lehen-lehenik, indarrak batu beharko dituzte euskal ezker nazionalaren alorrean dabiltzan guztiek. Herri bloke independentista bat eratzea ezkerretik, gure herriak jasaten dituen arazo handiei konpondu ahal izateko, aspaldiegitik jasaten ari garen blokeoa amaitzeko giltzarria izan daiteke. Halere, ahalegin hori alferrikakoa izan ez dadin, alde batera utzi beharko da ezkerraren zati batek agertu izan duen tentazio etengabea, boterearen inguruan alferkerian erortzekoa. Egoera batera moldatzea ez da egoera hori gainditzeko modurik onena, baizik eta hari luzaroan iraunarazteko modua.

Besterik da etorkizunean ezkerraren hautabidea eratzeko ahalmenik dagoen eta hautabide horrek herrialdeko gizarte zatirik handiena erakartzerik izango duen; nolanahi ere, bideragarri izan beharko du luze gabe, gehiengoa bereganaturik sartu ahal izango baita hango eta hemengo gobernu eta erakundeetan, baina ez sistemaren eranskin huts gisa bakarrik, orain arteko abagunerik gehienetan gertatu izan den bezala, baizik eta Euskal Herria gobernatzeko bestelako modu baten eragile benetako gisa, benetan nazionalak eta ezkerrekoak diren irizpide batzuek oinarritzat harturik.

["Berria", 2009-01-02]

No hay comentarios:

Publicar un comentario