Koldo Alduntzin, Jon Altuna, Martin Anso* | Egin egunkariaren langile ohiak
USTEZ ETAko kideak izateagatik eta delitu larriak egiteagatik auzipetuta zeuden erkide batzuk errugabetu izana pozgarria da. Egia da Egunkaria auzia ez dela guztiz bukatu, akusazioek oraindik baitute Gorenaren aurrean helegitea aurkezteko aukera, baina, astelehenean ezagutu genuen epaiaren zorrotza kontuan izanik, zinez uste dugu badirela Torrealdai, Uria, Otamendi, Oleaga eta Auzmendi, honetatik behintzat, libratu direla pentsatzeko nahikoa arrazoi. Orain errugabetu dituztenen ibilbide profesional eta humanoa ezagutzen dugu. Beraz, argi eta ozen esan nahi dugu ez dugula uste epaiaren ondoren garbi geratu direnik, ez baitugu inoiz sinistu lizunduta zeudenik. Bestalde, errugabetzeak sortu digun pozak ezin du inolaz ere ahantuarazi urte hauetan guztietan gizabanako gisa pairatu duten bidegabekeria, ezta Egunkaria, euskal kulturan proiektu estrategikoa, suntsitu izana ere.
2003ko otsailean, Aznarren PP Gobernuan zegoela, Goardia Zibila Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera joan eta egunkaria itxi egin zuen. Orduan ez ziren gutxi izan ekintza hura txalotu zuten politiko eta komunikabideak. Beste batzuek, berriz, txalotu ez, baina, "den-dena ETA da" leloaren aitzakian, bidegabekeria justifikatu zuten. Orain, aldiz, egoera aldatu da, eta, hemen eta Madrilen, gutxi dira hura defendatzera ausartzen direnak. Are gehiago, epaia ezagutu ondoren, "lasaiago" geratu direla diote. Ezbairik gabe, hipokresia eta epaiaren araberako diskurtso-aldaketa eguneroko ogi bihurtu dira. Alabaina, Euskal Herrian ondotxo dakigu denbora honetan guztian zeinek egin duen bat Egunkariarekin eta auzipetuekin eta zeinek aldatu duen jarrera, haize-orratza balitz bezala. Inork ez dezala bere burua engaina: Estatuak, baldin eta horretarako aukera aproposa berriz ikusten badu, euskal komunikabide gehiago itxiko ditu. Eta hari bost oraingo epaiak Egunkaria ixtea Konstituzioaren aurkakoa izan zela badio ere. Are gehiago, egunotan epaia ezagutzean "lasaitu ederra" hartu dutela diotenak berriro isilduko dira, eta horien artean berriro lintxatzaileekin bat egingo duenik ere egongo da.
Idatzi hau izenpetzen dugunok zuzen-zuzenean pairatu genuen Egin eta Egin Irratiaren itxiera. Bidegabekeria hartatik 12 urte beteko dira laster. Egunkaria eta Eginen kontrako epaiketetan, estrategiak, argudioak eta ustezko frogak ere errepikatu dira; izan ere, paper batzuk, berberak, egunkari bat zein bestea kriminaltzeko erabili izan dira. 18/98ko epaileek ondorioztatu zuten Hernaniko egunkaria ixteko erabakia ere ez zela zuzena izan. Alabaina, Epaitegi Nazionalak ez zituen auzipetuak errugabetu, eta, ondorioz, Javier Salutregi eta Teresa Toda kazetariak, eta Jose Luis Elkoro, Patxo Murga, Pablo Gorostiaga, Xabier Alegria, Josean Etxeberria, Manu Intxauspe, Jesusmari Zalakain, Karlos Trenor eta Isidro Murga enpresako arduradunak, kartzelan daude, gogor zigortuta, Euskal Herritik urrun. Zein da Egin eta Egunkaria kasuen arteko desberdintasuna? Izan ere, inork ezin du sinetsi Egin-eko haiek denak ETAko kideak zirela. Komunikabideen ildo editorialak desberdinak ziren, bai; hori ote kakoa?, beharbada baten ildoa ez da bestearena bezainbeste zigortu?
Egunkaria itxi zuten Juan del Olmo epailearen erabakiz soil-soilik, hau da, senten-tziarik gabe. Eta datu hori behin eta berriro ekarri behar da gogora, aspertzeko inolako beldurrik gabe. Zeren eta erabaki horrek kalte konponezinak sortu baititu, baita inoiz kalteordain ekonomikoak lortuko balira ere. Enpresa bat, 1.500 akziodun, 150 langile eta milaka irakurle babes judizialik gabe geratu ziren. Eta hura, gainera, ez zen edozein empresa, euskarazko egunkari bakarraren argitaratzailea baizik. Epaitegi Nazionaleko fiskaliak prozesua abiatu, Goardia Zibilak txostenak idatzi eta Juan del Olmok egunkaria exteko agindu zuen. Ez ote dute inolako eran-tzukizunk? Ekintza guztiz bidegabea izan bazen, eta hain modu nabarmenean, gainera, orain ezagutarazi duten epaian argi eta garbi irakur daitekeenez, erantzuleek ez dute zigorrik merezi? Magistratu sindikatu batek, Juan del Olmo kolegaren jokaera zuritu nahian, zera argudiatu du: "Epaileok ere humanoak gara eta hanka sartzen dugu". Bai, baina humanoak dira ere, eta humanoak bakarrik, kartzelara doazenak. Eta ez pentsa kartzela aipatzea boutadea denik. Arkitektu edo mediku batek, utzikeriagatik edo inkonpetentzia profesionalagatik, hanka sartzen badu eta kalte konponezinak sortzen baditu, lasai asko kartzelara joan daiteke edo, behintzat, lizentzia gal dezake (eta kalteak fede txarrez jokatu izanaren ondorioz balira, are errazago, jakina). Eta Egunkariaren kontrako bidegabekeriaren erantzuleak urratu txikienik gabe aterako al dira?, ezer gertatu izan ez balitz bezala? Komunikabide bat itxi dutenak zigorrik gabe geratzeak agerian uzten du Estatu espainola, demokrazia kontutan, inguruko estatuen estandarren azpitik dagoela. Alabaina, epaiaren irakurketa interesatu bezain xelebreak entzuten ari dira, esaterako, sistemak fun-tzionatzen duela agerian utzi duela, justizia espainola garantista dela edota Epaitegi Nazionalak adierazpen askatasunaren alde jokatu duela. A ze sarkasmoa! Egunkaria itxita dago, langileak kale gorrian geratu ziren, atxilotuak tratu txarrak pairatu zituzten. Urte asko pasatu ondoren, Epaitegi Nazionalak zangoa atera du sartu zuen lekutik, baina ez du egindako kaltea konpondu eta, gainera, konponezina da. Hori al da justizia?
Ez dugu bukatu nahi Joan Mari Torrealdairi, Iñaki Uriari, Martxelo Otamendiri, Xabier Oleagari eta Txema Auzmendiri espresuki zorionak esan gabe. Zorionak, ez bakarrik errugabetu dituztelako; zorionak, urte hauetan guztietan duintasun handiarekin jokatzen asmatu dutelako baizik. Halaber, Egunkariarekin asko edo gutxi baina "bene-benetan" bat egin duten guztiei ere zorionak esan nahi diegu. Egia da akusazioek oraindik Gorenaren aurrean helegitea aurkezteko aukera badutela eta inputazio ekonomikoak ere hor daudela. Baina hori bezain egia da borroka hau, behintzat, irabazita dagoela, eta hori sekulako albistea da garaipenak ospatzera gutxi ohituta dagoen herri honentzat.
* Idoia Arozena, Joxerra Bustillo, Martxelo Diaz, Carlos Dronda, Amaia Ereñaga, Javier Etayo, Iñaki Iriondo, Natxo Matxin, Sabino Ormazabal, Pablo R. de Aretxabaleta, Ramón Sola, Jose Mari Uribarri, Iñaki Vigor, Teresa Zarco, Mertxe Aizpurua eta Martin Garitano kazetariek sinatzen dute ere artikulua.
["Deia", 2010-4-17; "Berria", 2010-4-18]
No hay comentarios:
Publicar un comentario