Gaitz askok erasaten diote gure herrialdeari; horietako bat da, ez arinenetakoa, probintziakeriarako joerarena, oro har, edonolako erakundek, kolektibok eta futbol taldek ere ageri ohi dutena. Joera hori enbata oldarkor, edo liskar iturri izan daiteke batzuetan, eta, behin baino gehiagotan, denbora eta ahalegin oro alferrik galtzeko modu setatia. Herrialde txiki samarra da gurea, baina aniztasun eta pluraltasun handikoa, iritzi, bizimodu, paisaia eta gizabanako aldetik. Alde batera utzita tokian tokiko bereizgarriak -hizkuntzari dagozkionak barne, gure ondarearen aberasgarri baitira-, horra hor beste arrazoi bat ahalegin berezia egiteko, elkartzen eta batzen -eta ez bereizten- gaituen hori nabarmentzearren. Halako ariketa bat, egin egiteagatik bakarrik, gure espirituaren aberasgarri da, amaierako uztaren emaitzak gorabehera.
Badira milaka adibide, probintziakeria eta txokokeria horren adierazgarri direnak, eta herrialdearen nazio aurrerabidea eta batasuna eragozten dutenak. Hona hemen, horietako batzuk. Bilbo eta Donostia lotzen dituen autobide ordaindua, foru aldundiez besteko bi enpresak kudeatzen dute; Interbiak izenekoak Bizkaiko zatia, eta Bidegi izenekoak Gipuzkoa aldekoa. Hori baino zentzugabekeria handiagorik! Baina hori ez da dena. Probintzia arteko zatiketak eguneroko kontu askori erasaten die. Garraiobideei dagokienez, hor dago metroan, autobusean edo tranbian bidaiatzeko deskontu txartelen kontua ere. Batzuek zein besteek probintzia arteko muga dute bereizgarri: Bizkaian, Creditans darabilte; Gipuzkoan, Lurraldebusen Txartel Bakarra; eta Nafarroa Garaian, Tarjeta Ciudadana izenekoa. Donostiatik Bilbora joateko, deskontu txartela erabil daiteke, joan-etorrirako; baina Termibus geltokitik Deustura joateko, esate baterako, Creditans txartela erabili behar da. Beste zentzugabekeria bat.
Ez dira arazo teknikoak, baizik eta herrialdearen ikuspegi banandua. Hiru milioi pertsona besterik ez gara, eta ikusgarrizko aukera dugu eskura: gobernu zentrala, autonomietako gobernua, departamentuetakoa, probintzietakoa, eskualdeetakoa eta tokian tokiko gobernuak. Erakunde sorta zabal horrek, baina, erraztu beharrean zaildu egiten die bizimodua herritarrei, muga ikusezinak baina eraginkorrak ezarrita; eta, gainera, pertsona guztien berdintasun printzipioaren kontra doazenak.
Aspaldiko gaixotasuna dugu probintzikeria, lege eta ohitura zaharretan sustraiturikoa, eta iparraldetik hegoaldera nahiz ekialdetik mendebaldera hedatu zaiguna. Salbuespen bat dira egunkari nazionalak, eta egunkari salduenek beren probintzia eremuak dituzte babesleku. Unibertsitate fakultate bat sortzeko garaian, haren arazorik handienak ez dira, besteak beste, nola garatu eta areagotu kalitatea, ikasketa planak eta Europako edo Ameriketako Estatu Batuetako beste fakultate batzuekiko harremanak, baizik eta zein izango den haren probintzia kokagunea. Fakultate berria Araban egitea erabakiz gero, protesta egin ohi dute Bizkaiko eta Gipuzkoako indar biziek, edo alderantziz. Akitze etenik gabekoa da, askotariko jarreren arteko gerra, herrialdearen nazio kontzeptua hondatu baino ez duena egiten.
Probintzia arteko liskar hori izan dute Akilesko orpo hainbat alderdik, hala nola EAJk, zatiketa bat jasan baitzuen herrialdea egituratzeko modu desberdinak zirela eta, Lurralde Historikoen Lege famatuaren bidez. Zauri haren jarioa, hain zuzen, ez da oraindik gelditu. Oraintxe, badirudi probintzietako aldundiek oposizio sare bat ehundu nahian dabiltzala, EAEko Gobernuak aurrerantzean har ditzakeen erabakiei aurre egiteko. Izan ere, azken batean, nazio eiteko jarduera irizpide baten falta sumatzen dugu, eta ez bakarrik jelkideen lerroetan.
Are gehiago, gaur egungo autonomia eredua -herritarrak beharrean lurraldeak dituena oinarri, eta hauteskunde legearen bidez Arabako herritarren aldeko diskriminazio positiboa dakarrena- giltzarria izan da Gasteizko Legebiltzarrean azkeneko unean gertaturiko aldaketa politikoa gertatzeko. Ezker abertzalea legez kanpo utzi ez ezik, PPk eta PSOEk Araban duten indarrak Espainiako eremuko alderdietara lerrarazi du gehiengoen jokoa.
Lurralde sakabanaketa, Baskoniak pairatzen duen zatiketa politikoaren osagai erabakigarria izaki, buruargitasuna erabiliz borrokatu behar da, beste liskarrik sortu gabe eta aldeen arteko oreka sotila gordeta. Nire irudiko, eraitsi egin behar dira probintzien arteko langak, kontu asko partekatzen dituzten udalerri auzoen arteko lankidetza baliatuta. Horren adierazgarri da Bidasoa-Txingudi aldea. Errepidea konpondu dute azkenean, baina urte askotako atzerapenarekin. Probintzien arteko mugak gainditu dituztelako adibide dira Ermua-Eibar-Elgoibar konurbanizazioa, eta Aiararen eta Nerbioi eta Enkarterri eskualdeen harreman naturala; nabarmentzekoak dira, halaber, Nafarroako bi aldeak, Garaia eta Beherea, eta Araba eta Nafarroa erdialdeko eskualdeen arteko harremanak.
Herrialde txiki bat gara, eta egiten ditugun ahalegin guztiak ere gutxitxo izango dira, sakabanaketa geldiarazteko. Aurrerantzean zilegi ez dakigun indar zentrifugoa da bereizkeriarako zaletasuna, gure auzo eta herri askotan oraindik ere bazter utzi ez dutena, betiere prest ageri baitira dagokien gune nagusietatik bereizteko. Auzolan kontzeptu aberasgarriak ordezkatu beharko luke gure barnean dugun sukar bereizle hori, antzinako gerra alderdikoietara baikaramatza atzera, oinaztarren eta ganboatarren artekora, agramondarren eta beaumondarren artekora, tirotarren eta troiarren artekora. Behin erakunde komun eta sendoek babesten dutelarik nazio batasuna, une egokia izango da herrialdeko barne egituraz eta unean uneko aniztasunari zor zaion begiruneaz eztabaidatzen hasteko. Ordura artean, saia gaitezen buruargitasunez jokatzen, ezin baitugu ahaztu etorkizunean nazio instituzio izango den horren arerioei probintzien arteko liskarrak sustatzea komeni zaiela, indar subiranistak ahularazteko eta Europan bere ahotsa izango duen Euskal Herria helburu duten guztiak gogogabetzeko asmoz.
["Berria", 2009-07-22]
No hay comentarios:
Publicar un comentario