2007/06/12

Ezkerreko abertzaleon elkarlana

Joan den igandean "Berria" egunkarian artikulu hau argitaratu zuten. Oso interesgarria iruditzen zait. Nahiz eta ez nagoen ados testu osoarekin, nire ustez, irakurtzea merezi du.

"Azkeneko 15 urte hauetan, sigletan gorabehera handiak eman diren arren, Hego Euskal Herrian ildo politikoen arteko indar korrelazioak ez du aldaketa sakonik izan. Bi multzo ideologiko nagusien arteko lehiak, hots euskal abertzaletasuna eta espainiar nazionalismoaren artekoak, berean darrai. Gutxi gorabehera boto emaileen %46k beti boto abertzalea ematen dute, %42k berriz Espainiar Estatua babesten duten taldeen aldeko botoa eman ohi dute, beste %10ek teorikoki dikotomia haragoko dagoen parametroetan bozkatzen omen dute.

Zer esanik ez, Hego Euskal Herriko gizartea banatzen duen naziotasun sentimenduarekin batera, ezker-eskuin lehiak ere bestelako banaketak sortzen ditu. Hala ere, espainiar nazionalismoaren gotorlekua diren bi indar nagusiek, PSOEk eta PP-UPNk, praktikan agintzen duten guneetan jarduera eskuindarra izaten dute, neoliberalismoak ekarri dituen egitasmo eta jokamolde guztiekin gogo-gozo bat egiten baitute.

Iragan den maiatzaren 27ko hauteskundeek argazki konplexua islatzen badute ere, funtsean, aipatutako banaketa horretan ez dute erroan aldaketarik azaltzen.

Boz kopuruen arabera lau multzo ikusten ditugu: eskuinaren muturrean UPN-PPk 292.000 boto, eskuineko sozialdemokrazia espainiarrean PSOEk 314.000 boto, euskal autonomismo eskuindarrean PNVk 307.000 boto. ANVk, berriz, 180.000 boz.

Itxuraz, indar korrelazio hau ikusita, independentzia nahi dugun euskal herritarrok jai daukagula pentsa genezake. Hala ere, azalaren gainetik bestelako osagaiak ere badirela ez dago ahazterik. Amaitu berriak diren hauteskunde hauek beste datu mamitsu batzuk eskaini dizkigute. Abstentzioa handia izan da, baina, askotan gertatu den moduan, aldaketarik susmatzen ez direnean edo etsipena nagusitzen denean, etxean geratzen diren herrikideak, nagusiki, multzo abertzalearen boto «naturalak» dira. Pertsona hauek «arrisku larria» dagoenean (Ibarretxeren 600.000 boz) edo ilusio handia dagoenean (Lizarra-Garaziren aldeko boto uholdea) mugitzen dira.

Nola edo hala, egungo egoerarekin eroso bizitzeko prestasuna duten indarren boto-emaileak PP-UPN, PSOE eta PNVren boto-emaileak, alegia, gutxi gorabehera 913.000 dira, azkeneko datuen arabera. Oposizio sutsuan ANVren 180.000 boz koka genitzake. Baina joko honetan beste multzo bat sartu beharra dagoela uste dugu, oposizioan, sutsuan, epelagoan, edo dena delakoan. PNVtik ezkerraldera gutxienez beste 140.000 boto abertzale egon dira: EA, Aralar eta Nafarroa Bairen gehienak, hain zuzen ere. Ezker Batuaren bozak ere autodeterminazioaren botoak bihur daitezkeela uste dugu. Horietaz gain, Josu Jon Imazek gidatzen duen alderdiak hartu duen norabide autonomistarekin bat egiten ez dutelako, 100.000 boto etxean geratu dira. Bestalde, gogora dezagun, Iparraldean aurkeztu berria dela Euskal Herria Bai koalizioa.

Bestelako mundua nahi dugu, bestelako Euskal Herria nahi dugu, eta hauteskunde batzuetan ematen diren boto kopuru zehatzen azpitik korronte ideologiko sendoak bizirik daudela dakigulako, beste Euskal Herri aske, solidarioa eta burujabea lortzeko adina indarra badagoela uste dugu.

Lan hori ezkerreko abertzaleoi dagokigu, beste inork ez baitu egingo. Erronka handiak ditugu aurrean: Bake Prozesua osatzea, bakea lortzea, herriak eta pertsonak zapaltzen dituen globalizazioari aurre egitea, euskara Euskal Herri osoko hizkuntza ofizial erreala izan dadin, lurralde zatiketa gaindituko dituzten nazio erakundeak berrosatzea, benetako demokrazia sortzea, herriari hitza eta erabakia ematea...

Ezkerreko abertzaleon multzo soziologikoa hauteskundeetan islatzen den baino askoz zabalagoa da, herri honetako indar handiena da, herri honi azkeneko urteetan bizitasuna herriz herri, arloz arlo eman dion indar heterogeneo eta heterodoxoa. Jakin badakigu Josu Jonen alderdiari azkenekoetan botoa eman ez dion hainbat lagun soziologikoki, oro har, bere esparruan kokatzen direla. Badakigu ere Euskal Herrian, Europa osoan bezala, sozialdemokrazia izena erabiltzen dutenen artean bi talde ezkutatzen direla: neoliberalismoak ematen dituen aukeretatik etekinak atera nahi dituena eta zintzoki sistema zapaltzaile horren aurka lanean ari dena, alegia.

Ezkerreko sozialdemokraziatik hasita, ezker pentsamoldeak sortu dituen euskal korronte askatzaile guztietatik pasatuz, Ezker Abertzaleraino, multzo ideologiko heterogeneo, konplexua, bitxia osatzen dugu. Baina multzo horrek, orain arte egituratu ez den arren, garaipen handiak lortu ditu PNVk, PSOEk eta PP-UPNk sortu duten gizarte ereduaren aitzin. NATOri ezetz esan zion, soldadutza deuseztatu zuen, ehunka herri mugimendu sortu ditu, langile mugimendu indartsua eratu du, komunikazio sare alternatiboak gorpuztu ditu, ingurumenarekiko errespetua zabaldu du, nazioartean elkartasun adierazpen beroenak eskaini ditu...

Kolore askotakoa den multzo hori elkartzea eragozten zuten hainbat horma erortzen hasita badaude ere, beste horrenbeste falta da, eta batik bat asko dago elkarrekin eraikitzeko, elkarlanetik konfiantza sortzen baita. Arestian aipatutako erronka horietan datza ezkerreko abertzale guztion bilgunea osa lezakeen elkarlanaren ardatza eta gure herriari aurkez geniezaiokeen egitasmoaren muina. «Asko gara, elkar gaitezen» zioen Ezker Abertzaleren ildo nagusiak aukeratu zuen lelo batek, eta askoz gehiago gara, neoliberalismoaren trena gelditzeko adina, eta Euskal Herria demokratikoki askatzeko adina.

Artikulu hau bukatzear genuelarik, su-etenaren amaieraren berri tamalgarria jaso dugu. Berri txar horrek premia sentimendua areagotzen du. Ezkerreko abertzale guztion elkarlanak giza eskubideetan oinarritutako jarduera tinkoa izan behar du. Bortxarik gabeko borroka baino ez dugu aurreikusten. Euskal Herria askatzeko lanean buru-belarri aritzeko konpromisoa beharrezkoa dugu, eta horren baitan kokatzen dugu egun, berriro, bake iraunkorra lortzeko lana.

Bestelako mundua nahi dugu, bestelako Euskal Herria nahi dugu, eta hauteskunde batzuetan ematen diren boto kopuru zehatzen azpitik korronte ideologiko sendoak bizirik daudela dakigulako, beste Euskal Herri aske, solidarioa eta burujabea lortzeko adina indarra badagoela uste dugu."

Sinatzen dute artikulua: Joxe Migel Agirre, Patxi Azparren, Sabin Intxaurraga, Txema Landa, Zelai Nikolas, Andee Sainte Marie eta Xabier Soroa, ezkerreko abertzaleak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario