2006/10/13

Beti zutik zegoena

Testu honek "Agur, Mentxaka" blogean argitaratu dute aste honetan. "Mentxakaren aitorpena" liburuari buruz idatzitakoa. Informazio gehiago helbide honetan: www.goiena.net/blogak/ardotxi/.

"Mentxaka ez nuen inoiz ezagutu, Ardotxi ezagutu nuen. Badakigu biak zirela pertsona bera: Jose Ramon Goikoetxea Sorondo, andoaindarra. Joserra ni baino hamar urte aurrerago sortu zen Adarraren magalean. Nik, gazteagoa eta bizkaitarra izanda, Mentxakaren garaia ezagutzeko aukera galdu nuen, zoritxarrez. Aldiz, Ardotxiren garaia, tarte bat behintzat, ezagutu nuen, bai "Egin"en, bai sindikatuan.

Beraz, Joserra militantea ez nuen ezagutu, Joserra kazetaria, ordea, bai, eta oso ondo. Ardotxi potoloa zen, beltzez jantzi ohi zen eta... marxista edo troskoa zen, berdin zait. Batez ere, oso tipo atsegina zen Ardotxi, nahiz eta pixka bat burugogorra izan.

Baina ez da hori gaurko kontua. "Mentxakaren aitorpena"k hizpide ematen dit hausnarketa pare bat egiteko. Alde batetik, Joserraren apustua iraultza izan zen, hori ziur. Garai hartan, frankismoaren azpian hartu zuen bidea, bide zuzena izan zen: borroka armatua. Eta inoiz ez zitzaion damutu. Beste gauza bat da aspaldi samarretik epilogo batzuei buruz pentsatzen zuena, noski. Ondo zekien, beste aro batean egonda, borrokak politikoa izan behar zuela, edo bestela dena pikutara joango zela

Beste aldetik, adiskide zen Ardotxi. Bere ingurukoekin, bere lankideekin, edozein lekutan. Oso lagun leiala ere bai. Eleberrian agertzen da alde hori, eta merezi du azpimarratzea. Borrokan edo kazetaritzan beti zegoen zutik, ezkutatu barik. Jarraitzeko eredu ona, benetan.

Adituak soberan ditugu kritika profesionala egiteko. Horrexegatik hitz hauek beste asmo batekin doazkizue: Ardotxiren izaera eta jarduera nabarmentzeko asmoarekin. Iaz joan zen, ohar zaitezte, baina eleberri honetan itzuli da bizi-bizia. Horrelakoa izan zen Ardotxi eta horrela gogoratuko dugu beti."

No hay comentarios:

Publicar un comentario